ELI, proiektu europarra

Zer da ELI?

Europako Legeriaren Identifikatzailea (ELI) 2012. urtean Europar Batasuneko herrialde eta erakunde guztiek batera abian jarri zuten ekimena da, formatu normalizatuan dagoen legedia online begiratzea ahalbidetzeko, eta, horrela, legeak mugez gaindi aurkitu, trukatu eta berrerabili ahal izateko.

Askatasun, segurtasun eta justiziaren esparru europarrak, Europako Zuzenbidea ezagutzeaz gain, kideek beste estatu kideen sistema juridikoak ezagutzea eskatzen du. Interneten eskura daitekeen legegintzari buruzko informazio digitalizatua ugaria bada ere, estatuetako ordenamendu juridikoen arteko desberdintasunek, baita estatuen webguneetan legeak biltzeko eta aurkezteko erabiltzen diren sistema teknikoen arteko aldeek ere, oztopatu egiten dituzte estatu eta Europa mailako erakundeetako informazio-sistemen irisgarritasuna eta elkarreragingarritasuna.

Testuinguru horretan, Europako Legeriaren Identifikatzailea (ELI) ezartzearen helburua hauxe da: estatu, Europa eta mundu mailan erabiltzen diren sistemetan bildutako informazio juridikoa eskuratu, trukatu eta elkarrekin lotzeko aukerak hobetzea, legeei buruzko informazioaren sare bat –behin eta berriz erabil daitezkeen datu irekien multzo gisa eskuragarria– abian jartzeko.

ELI estandarrak honako hauei buruzko zehaztapen teknikoak hartzen ditu barnean:

  • lege-informazioaren web-identifikatzaileak (URI), edo 1. oinarria
  • lege-informazioa azaltzeko modua zehazten duten metadatuak (2. oinarria)
  • legeria irakurketa mekanikoko formatuetan trukatzeko lengoaia espezifikoa (3. oinarria)
  • ELI metadatuak biltzeko eta sinkronizatzeko protokoloa (4. oinarria)

2012az geroztik, ELI sistema Europako hainbat herrialdetan (Danimarka, Finlandia, Frantzia, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Norvegia, Portugal eta Erresuma Batuan), baita Europar Batasuneko Argitalpen Ofizialen Bulegoan ere ezarri da, neurri handiago edo txikiagoan.

Sistemaren arrakasta ikusita, 2017ko azaroaren 6an, Kontseiluak Ondorio berriak atera zituen ELIren inguruan, eta berriz gonbidatu zituen estatu kideak, herrialde hautagaiak eta Luganoko hitzarmenari atxikitako beste estatuak, identifikatzaile-sistema borondatez eta pixkanaka-pixkanaka ezartzera.

ELI sistemaren abantailak:

  • Legediari buruzko datuen kalitate hobea eta fidagarritasun handiagoa.

    ELI sistemak, identifikatzaile iraunkorrak eta metadatu egituratuak erabiltzeari esker, linean eskura daitekeen informazio juridikoaren kalitatea eta fidagarritasuna hobetzen laguntzen du.

  • Elkarreragingarritasun handiagoa

    ELI sistemak informazio-sistemen arteko elkarreragingarritasuna hobetzen du, legeak modu normalizatuan egituratuz, baina, aldi berean, ordenamendu juridiko desberdinen ezaugarri bereziak ahaztu gabe.

  • Legedia eskuratzeko aukerak hobetzea

    Bilatzailearen optimizazioari esker, ELIk erraztu egiten du datu juridikoak aurkitzea, eta, horrela, gehiagotan erabiltzea ere.

  • Zerbitzu berriak abian jartzeko aukera

    Egituratutako legeak eskuratzeko aukerak balio erantsiko zerbitzuak gehitzea ahalbidetzen du.

  • Kostuak aurreztea

    ELIk informazio-fluxuen eraginkortasuna areagotzen du, legeak argitaratzeko behar den denbora murriztu egiten duelako.

  • Gardentasuna sustatzea

    Informazio juridikoa eskuratzeko aukerak hobetzen duenez, ELIk erraztu egiten du administrazio publikoen lanaren jarraipena egitea eta kontuak ematea.